575 291 Bizkaiko Herri Kirolak

BIZKAIKO SOKATIRAREN LEHEN ESPERIENTZIA NAZIOARTEKO GENSB TXAPELKETAN

2019ko abuztuaren 24a, data garrantzitsua izan da Bizkaiko gazte mailako sokatirarentzat. Erandioko Goiherri klubeko bi taldek, eta Mungiako Aker Okerrak klubeko talde batek, Folkestone (Ingalaterra)-n, ospatu den lur gaineko “GENSB International Youth Tournament” txapelketan parte hartu dute, txapelketa honetan lehen aldiz Euskal Herria ordezkatuz.

Txapelketa honetan parte hartzea, esperientzia positiboa izan da, bai Goiherri eta Aker Okerrak klubentzat eta baita Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundea-rentzat. Txapelketan parte hartu duten neska-mutilek, maila altuko taldeen aurka lehiatzeko eta nazioarteko txapelketa baten esperientziaz gozatzeko aukera izan dute, non, Goiherri-ko “A” taldea, lehen fasea gainditzetik gertu geratu zen. Klubetako eta Federazioko teknikariek, txapelketa honetako lehiakortasun eta antolakuntza maila ikusi dugu, eta horrek ondorioak ateratzeko eta Bizkaiko sokatira sustatzen lanean jarraitzeko lagunduko digu.

Federaziotik, Goiherri eta Aker Okerrak klubek egindako lana aipatu nahi dugu. Alde batetik, Goiherri-k, bere taldeko kirolariak txapelketa honetarako prestatzeko eta bere klubeko ateak Aker Okerrak taldeko tiralariei irekiz, eta lur gainean tiratzen irakatsiz, lan handia egin du. Bestalde, Aker Okerrak klubekoek egindako lana ere azpimarratu nahi dugu, Bizkaiko gazte mailako sokatira proiektura ilusioz eta jarrera egokiarekin batuz, eta azken hilabeteetan prestakuntza lan handia eginez.

  

Aurten GENSB txapelketako protagonista Bizkaitarrak Goiherri eta Aker Okerrak izan dira, eta esperientzia positiboa izan den arren, gure helburu nagusia Bizkaiko gazte mailako sokatira sustatzea izaten jarraitzen du. Lanean ari gara, Bizkaiko gazte mailako sokatirako txapelketak, bai goma gainean eta bai lur gainean, urtez urte hobetzeko, bai txapelketen kalitatean eta partehartzaile kopuruan. Hori dela eta, Gaztedi (Laukiz), Abadiño, HEKI (Iurreta), Getxo HKT edo Barrutialde (Gernika) klubak egiten ari diren lana aipatu nahi dugu, denboraldian zehar egin diren jardunaldi ezberdinetan parte hartu dutelarik. GENSB-n parte hartzea, urtean zehar lehiatzen eta entrenatzen ibili diren neska-mutilentzat sari polita izan daiteke, baina Bizkaian gazte mailako zirkuito on bat izateko ari gara lanean.

Azkenik, BBK Fundazioa-ri eta Bizkaiko Foru Aldundia-ri sokatirako proiektu honekin izandako lankidetza eskertu nahi diegu. Beraiei esker, Bizkaian gazte mailako jardunaldiak antolatzen ari gara, eta gure lurraldeko hiru talde izan ditugu Euskal Herria ordezkatzen GENSB txapelketan.