Bizkaiko Foru Aldundiak tresna berri bat jarri du abian eskola-kirolean indarkeria-egoerak detektatzeko eta saihesteko
Foru Aldundiak KIROLA ON tresna aitzindaria abiarazi du 2024-2025 denboraldirako, eskola-kirolean haurrek jasan ditzaketen indarkeria-egoerak detektatzeko eta kudeatzeko. KIROLA ON isilpeko kanal bat da, kirolari adingabeentzat entrenatzaileentzat, familientzat eta Bizkaiko kirol-eremuan inplikatutako beste pertsona batzuentzat, zalantzak planteatzeko edo indarkeria-egoerak salatzeko aukera izan dezaten. Web-orrian (www.kirolaon.eus) dagoen inprimaki baten bidez funtzionatzen du. Aditu-talde batek berehala emango du erantzuna, eta egin beharreko urratsak eta inplikazioak azalduko ditu.
Funtzionamendua erraza eta noranzko bikoa da: edozein arrisku-egoera detektatzen duen pertsonak www.kirolaon.eus webgunean sartu, eta formulario labur bat bete behar du; hori baino ez. Berehala jasoko du planteatu duen gaiari dagokion erantzuna. Komunikazio horretan, profesional adituen talde batek jarraitu beharreko prozesua eta izan ditzakeen inplikazioak azalduko ditu.
Edozein unetan erabili ahal den kanala ere bada. Gaiaren edukia dela-eta komunikazioa geroago eman behar bada, planteatu duenak gako bat jasoko du; haren bidez, aplikazioan sartu ahal izango da, eta planteatutako gaia zer egoeratan dagoen eta adierazitako kezkari erantzun egokia emateko zer aurrerapen egin diren egiaztatu ahal izango du.