BILBOKO UDALAK HERRI KIROLA KALEETARA ATERAKO DU BILBAO ALTXATUZ PROGRAMAREN EDIZIO BERRI BATEKIN

2024-06-28

Herri kirola bultzatzea, ikusaraztea eta Bilboko kaleetara ateratzea da Bilboko Udalaren Bilbao Altxatuz programaren edizio berri honen helburua. Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak gaur goizean aurkeztu du. Berarekin egon da Juan Miguel Ranero Bizkaiko Herri Kirol Federakundeko presidentea. Programaren xehetasunak azaltzean, herri kirolen erakustaldi labur bat egin da.

Bilbao Altxatuz-en III. edizioak (pandemiak eten zuen) herri kirolen 8 erakustaldi programatzen ditu kalean. Abenduaren 21ean amaituko da, San Tomas eguneko merkatuan erakusketa bat eginez.    Aurtengo edizioak herri kirolen modalitateak Abusu, San Ignazio, Errekalde, Olabeaga, Zorrotza eta Areatzako kaleetara hurbilduko ditu.

Ikasturte honetarako programatutako erakustaldietako probetako batzuk Open Bizkaia Torneoan eta Bizkaiko txapelketa ofizialetan sartzen dira. Horrela, bada, euskal herri kiroletako diziplinetako lehen mailako kirolari profesionalak jardunean ikusi ahalko ditugu.

Gaur eman dio hasiera programari, harria jasotzeko ariketa batekin. Inhar Urruzuno (Euskal Herriko txapelduna hirutan, eta Bizkaikoa beste zortzitan) eta Leire Olea (2023an hasi zen hainbat erakustalditan parte hartzen, eta aurten ofizialki lehiatzen hasi da) aritu dira. 

Bestetik, Juan Miguel Ranero Bizkaiko Herri Kirol Federakuntzako presidenteak opari bat eman dio Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziari, Udalak eta Bilbao Kirolak-ek Bilbon herri kirola ezagutzera emateko eskainitako laguntza eskertzeko.

BILBAO ALTXATUZ 2024

Aurtengo programak herri kirolak Bilboko auzoetako plaza, parke eta frontoietara aterako ditu. Hainbat modalitateren erakustaldiak egingo dira, kirolari federatuekin: harri jasotzea, aizkora, ingudea edo lasto jasotzea. Erakustaldi horietako lehena ekainaren 30ean izango da, 13:00etan, Abusun.

  • Abusu: Zamakola kalea. Ekainak 30. 13:00.
  • San Ignazio: Levante plaza. Uztailak 28. 19:00.
  • Errekalde: Ametzola. Abuztuak 21. 18:00.
  • Olabeaga: Elizako zabalgunea. Irailak 8. 12:30.
  • Zorrotza: Zorrotzako frontoia. Irailak 28. 13:00.
  • Deustu: Done Petri plaza. Urriak 6. 13:00.
  • Errekalde: Ametzola. Abenduak 1. 13:00.
  • Areatza: San Tomas azoka. Abenduak 21.

Programaren beste helburu nagusietako bat da herri kirolen diziplinen ezagutza zabaltzea Bilboko adingabeen arteanherri kirolak Bilboko ikastetxeetan eskola-kirol gisa sustatzeko. Hala, 2023an, Bilboko 10 ikastetxetako 1.800 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten herri kirolak zabaltzeko jardunaldietan. Esperientzia hori oso arrakastatsua izan zen, eta datorren ikasturtean errepikatzeko asmoa dago.

Gauzak horrela, Bilbao Kirolak-en eta Bizkaiko Herri Kirol Federakuntzaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testuinguruan, ikasturteko lehen hiruhilekoan herri kirolak sustatzeko jardunaldi bat antolatuko da Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako ikasleentzat, haien adinera egokitutako materialarekin, zenbait modalitate probatu ditzaten.  Gainera, 2025eko urtarriletik aurrera, Federakuntzak saioak antolatuko ditu aldian behin interesa duten ikastetxeetan, adingabekoek herri kirolak egin ditzaten.