Aizkolari probak
modalitatea

Zertan datza?

Helburua enbor bat edo gehiago aizkoraz ahalik eta denbora gutxienean moztea da, eta banaka, binaka edo taldeka lehiatu daiteke. Enborra zutik edo etzanda egon daiteke.

Historia

Herri Kirol guztietan gertatzen den bezala, aizkora proben jatorria langileen arteko desafioetan dago, basoko langileetan hain zuzen. Lehenbiziko apustuak basoan jokatzen zirela esaten da baina denborarekin herrira jaitsi ziren. Ahots batzuek ordea, kirol honen jatorria sutarako egurra moztetik datorrela diote.

Bitxikeriak

Aizkora proben gaineko lehenbiziko erreferentzia idatzia Hernaniko (Gipuzkoa) plazan jokatutako apustu bat da, 1802ko ekainaren 7an hain zuzen.

XIX. mendean Euskal abertzaletasunaren hedapena mesedegarri izan zen Herri Kirolentzat orokorrean eta aizkolaritzarentzat bereziki, izan ere Euskal Jai guztietan aizkolarien arteko desafio eta erakustaldiak izaten ziren.