Idi probak
modalitatea

Zertan datza?

Idi Probak, idi pare batek (batzuetan idi kopurua handiagoa bada ere) 1.500 eta 4.500 kilogramo arteko probarria izeneko harria probaleku edo plaza batean zehar denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeena (untze izeneko unitatetan neurtuta) egitea helburu duen herri kirola da. Idiak gidatzen dituenari idi-probalari edo akuilari deritzo.

Historia

Idi Proben jatorria antzinean euskal baserritarrek lurra lantzeko eta garraiorako erabiltzen zuten idietan dago. Lan horietatik erronka eta apusturako jokoa sortu zen.

Euskal Herrian ez ezik, Kantabrian eta Kanariar irletan ere ospatzen dira antzeko probak.

Bitxikeriak

Hainbat herritan bertako baserritarrek beren idi pareekin indarrak probatzen zituzteneko harria aurkitzen da. Gaur egun bi idi pare baino gehiago aritzen dira lehian. Proba batzuetan 35 bikote ere aritzen dira. Horretarako ongi egokitutako lekuak behar dira lehiatzen direnen erosotasunerako. Hori dela eta, gaur egun probaleku estaliak edo egokitutako frontoiak daude.

Harria angeluzuzena izaten da, zertxobait estuagoa aurreko aldean, non katearentzako zulo landu bat duen. Pisua aldakorra izaten da herriaren arabera.