Lasto altxatzea
modalitateaZertan datza?
Lasto Altxatzea lasto fardel bat denbora mugatuan eta garaiera jakin batera ahal den gehienetan jasotzean datza.
Frogaren iraupena normalean bi minututakoa izaten da. Fardelak 45 kg ditu gizonezkoentzat eta 30 kg, emakumezkoentzat. Garaiera, berriz, gizonezkoentzat, 7 metrokoa eta emakumezkoentzat, 5 metroko da. Altxaldia ontzat emateko fardela lotzen duen korapiloak txirrikan jo behar du.
Lehenengo altxaldia sokatik indarrez tiratuz egiten da, ondorengoetan berriz gorputzaren pisua erabili ohi da kontrapisu moduan. Fardela erortzerakoan lurra ukitu baino metro batzuk aurretik soka heldu eta fardelaren erortze indarra erabiltzen da kirolaria gorantz eramateko. Lortutako garaieratik eta bere pisuaz baliatuz errazago suertatuko da fardela berriz altxatzea.
Historia
Herri kirol honen jatorria baserrietako sabaietara lastoa igotzeko egiten zen lanean dago. Zenbait baserritan gaur egun ere mantentzen dira puila deituriko errotila batzuk.